viernes, 1 de marzo de 2013

Toño Muro, Balerdi Balerdi taldeko partaidea


“Estilo ezberdinak gustokoak ditugu, eta horiek kanta bakoitzaren zerbitzu pean erabiltzen saiatzen gara”

            Hamar kantek osatzen dute “Hegoko lautadaren ertzetik” CDa, Balerdi Balerdi taldeko laugarren lan luzca; aurrekoa duela hamabost urte argitaratu zuten, 1997an. Auto-ekoizpen hau 2012. udan zehar Musikorta estudioan (Bizkaia) grabatu zuten, eta urrian argitaratu ondoren, hiruzpalau hilabete daramatzate hara ta hona, zuzeneko emanaldietan aurkezten.

            -Nola gertatu da Balerdi Balerdiren itzulera?
           
            -Taldea ia hamar urtez utzita genuen. Noizean behin elkartzen ginen zeozertarako, bereziki Tocamas-en (nire talde zaharretariko bat) kantak grabatu genituenean, CD bihurtutako maketa batean. Zararekin eta Marinorekin talde honen kantak eta beste batzuenak (Fuletamol, Motos eta Fiebre), guztiak gaztelaniaz zeudenak, hartu genituen, eta euskarazko Balerdi Balerdi-ren batzuekin batera osatu genuen errepertoriotxoa. Balerdi Erdi izen pean itzuli ginen, eta estreinaldia Akelarre tabernan egin genuen. Gero Marino desanimatu zen, eta Felix-ek hartu zuen baxua; laister hau ere nekatu, eta Karlos etorri zen... Ordurako kanta berriak egiten hasiak ginen eta errepertorioa Balerdi Balerdiren kanta zahar eta berriekin osatu dugu.

            -Orain nortzuek osatzen duzue taldea? Txantreako beste lagunik ba al dago?
           
            -Taldeko partaideak hiru gara: Karlos (baxua), Zara (bateria eta koruak) eta ni (kitarra, harmonika eta ahotsa). Txantrean sortutako bakarra ni neu naiz. Aspaldidanik Iruñeko beste auzotan bizi izanda ere, nolabait Txantreako zigilua markatuta dudala uste dut, bertan ume eta gaztetako urteak eman nituelako. Oraindik hilean behin garai haietako lagun txantreatarrok elkartzen gara, hutsik egin gabe; hala ere, guztiak, bat izan ezik, auzotik kanpo bizi gara.

            -Nolakoa da oraingo Balerdi Balerdi-ren estiloa?
           
            -Lehenagoko izpiritua mantendu dugula uste dut, oinarrizko power-pop estiloari rock amerikarra, folk, soul, etabarreko ukituak gehituta. Estilo ezberdinak gustokoak ditugu, eta horiek kanta bakoitzaren zerbitzu pean erabiltzen saiatzen gara, kanta horri dagozkion moldaketak askatasun osoz garatu ahal izateko. Hori bai, gure maila apalean, inolaz ere solfeoan jakitunak edota instrumentuetan birtuosoak ez gara eta.

            -Zer aurki dezake entzuleak zuen disko berrian?
           
            -Hamar kanta oso ezberdinak, bai erritmoen aldetik (rocka da nagusi, baina badira ska bat edo twist antzeko beste bat, baita Dylanen edo heavyren parodiak ere), bai hitzen aldetik: ipuin bat (“Bertan goxo”), Iruñari buruzko satira (“Ezkaba pean”), bizi osoko morrontzak (“Egiozu kasu”)... Hiru kanten hitzak Pello Lizarralde lagunak eginak dira, oso iradokitzaileak eta anbiguotasun puntu bat dutenak.

            -Zeintzu helburu duzue etapa berri honetan?
           
            -Datozen hilabeteotan, diskoa ahalik eta leku gehienetan zuzenean aurkeztea, eta emanaldi horietan CD guztiak saltzea... hau miraria litzateke! Eta aurrerago, kanta berri batzuk sortu, edo bertsioak, eta horiek prestatu, jo, grabatu...

            -Noizko emanaldi bat Txantrean?
           
            -Gure oraingo formazioaren aurkezpena Txantreako Akelarre tabernan egin genuen, duela urtebete. Telonero gisa Police taldea agertu zen, eta entzule gehienak uxatu zizkiguten... Gustura itzuliko ginateke Akelarrera, egun hartan egon ez ziren lagunen aurrean aritzera, baina hilabete hauetan Iruñetik kanpoko emanaldiak hobetsi ditugu eta ez gara saiatu bertan berriro jotzen.  



No hay comentarios:

Publicar un comentario